XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure azterlanean aurrera jarraituz, beste egintza garrantzitsu baten berri eman behar dugu baita; Hirigintza Proiektu honetan Ospitalearen eraikuntzak kokapen berean iraun zuela, eta bere definizio zehatzean, hots, Frantziskotarren komentu ondoan eta Plaza Berriaren kanpoko ekialdeko fatxadak, multzo arkitektoniko garrantzitsu bat taiutzen dutela, atzean Arkutxoak dituztelarik, eta guztiek ere sintesi arkitektoniko distiratsu eta sotila osatzen dute, non halaber, Gasteiz hiriaren hiri-alternatiba legez, dagoeneko berritu eta taiutu den honetan, leku eta eraikuntza publikoak antolatzen diren, ezaugarri arkitektoniko eta urbanistiko berriak planteatuz, arestian B. Casasen grabatuan errepresentaturik ikusi dugun aspaldiko hirian.

Aztertu dugun Olagibelen arkitektura hau, konplexutasunetan hain aberatsa izanik ezinezkoa da argazki gutxi batzutan ongi biltzea, horretarako baliabide tekniko anitz erabili arren.

Ez da fatxada xumeetako arkitektura, ezta gutxi-asko konplexuak diren efektu konpositibokoak ere, are gutxiago, eskema printzetarren arabera hierarkikoki antolaturiko ardatzei subordinaturiko gorespen arkitektoniko barrokoak; gorputz eta teknologia bete-betea duen arkitektura batetan datza, non gorputz eraikigarri zehatzek Plaza-Berri, Arkutxoak, San Migel Eliza, Ospitalea, Posta errebala, etab.ek hiri-egitura baten lekuak zorroztasunez hartzen dituen, eta aldiberean plataforma, atari, eskailera, pasealeku, plaza eta enparantzak taiutuz, ikaragarrizko kalitate arkitektonikoa duten ezaugarri aberatsetako multzo urbanoa suposatzen du.

Ertaroko hiriaren aintzinako errepresentazio baliotsu eta sintetiko hura legez, goitik hartutako ikuspegiaren eta urrutiko profilaren bitartez, kontzepzio arkitektoniko oro bat betetzen du, Aintzinako Gasteizen sintesiak Olagibelen proiektuaren bitartez ilustraturiko Gasteiz neoklasikoaren iharduketarekin, aro arkitektoniko berri eta konplexutasun handiagokoa ireki da.

XIX. mendeko plano gasteiztarrak

Garrantzitsua da seinalatzea, alegia, hipotesi topografikoaz, eta aztertu ditugun grabatuaz, eta Olagibelen interbentzioaren plano akademikoak salbu, ez dugula Gasteizen hiri-maparik ezagutzen 1812ra arte.

Orain aztertuko dugun hau, Montehermosoko Markesaren etxean Jose Napoleon instalatuta egon zeneko garaikoa da; gerora Apezpikuaren Jauregia izango zena, eta Villa Suso barrutiko etxe garrantzitsua, aipatu barruti fundazionalean XVI eta XVII. mendetan izandako bizitegi eraldakuntza tipologikoen ostean.

Paris inguruan armada frantsesaren Vincennes Artxibategian jasorik dagoen planoa da, eta beronen azterketak zenbait kontsidero interesgarri eskainiko dizkigu.

Analisi modura hartuko dugun XIX.eko Gasteizen inguruko beste kontsiderazio batzuetara igaro aurretik, Hiriaren eta honen jurisdikzioa osatzen duten herriekin dituen harremanen inguruan, oro har, gogoetaren bat egitea komeni zaigu.

Horregatik da interes handikoa mapa hau, bertan eta lehen aldiz, Gasteiz eta inguruko herrien harremana errepresentatzen delako. Hemen ikus ditzakegu aparteko gaitasun figuratiboa bide Arriaga eta Betoñokoa iparraldera, Aretxabaleta hegoaldera eta Ehari mendebaldera, hauetariko bakoitzak eskema desberdin bat duelarik eliza, etxe, baratze, eta leku amankomunei dagokienean, baina guztiak ere interesez betetako hirigune txikiagoak bezala eta definizio formal egokiarekin taiutzen dira.

Errepresentaturiko herri bakoitzaren eta hiriari dagokion mugaren artean dagoen gutxi gora beherako distantzia 3000 m.koa da eta eskema erradio kontzentriko baten arabera antolaturik daude, Gasteiz-hiritik irteten diren bide nagusienen inguruan.

Aberastasun aparteko eskema honek, lautadako lurraldean arkitekturen elkarrizketa bat errepresentatzen bailitzan, bere balorea areagotzen du eta horrela mapan ikus dezakegu, beti ere, hiria eta herriaren ia bide erdian ermitatxo bat dagoela, kontutan hartzen badugu.

Hori da Arriaga eta Ehariren kasua, San Joan eta San Martin ermitekin; bi arkitekturek, herria eta ermita, eraikitako elementuen errepresentazio egokia dute eta lekuari forma eman eta osatzen duen inguru txiki batean kokaturik daude. Betoñoko herriaren inguruan ere beste ermita bat ageri da, Santa Isabel, Aretxabaletako inguruan beste bat Santi Kurutze deiturikoa, etab...

Garrantzitsua da, nabarmentzea eta aipatzea, gasteiztar eskema urbanistiko honen aberastasuna, non zenbait eraikuntza gorputz, lurraldean sortzen ari den arkitekturaren elementuak bezala erlazionatzen diren, eta berauen ikuspegi eta urrutikako behapenak eite unitarioa dakarkiguten.

Alde batetik Hiria, gero Herri bakoitza, ondoren Ermitak, beren Zelaiekin hauek aztertzen ari garen mapan esplizituki seinalatuak ez badira azaltzen ere Arriaga, Arana, Olarizu, Aretxabaleta, Jauregiak etab. bezalako zelaiak, hiri-arkitektura taiutzen dutenak eta ezaugarri formal positiboez eta balore figuratibo handiz betetako lurralde sistematizazioa, gero astiro aztertuko dugun 1812ko mapa frantsesean azaltzen den legez.

Mapa honek errepresentatzen duen Hiriaren erdigunea aztertzera sartutakoan, deigarria gertatzen da eskema napoleondarraren indarra eta argitasun kontzeptuala, Jose Bonaparteren egoitza handia ezartzeko, Villa Susoren hegoaldeko zonalde guztiko trazatuak aldatzeko gai izan delako, Villahermosako etxearen lorategiak Villa Susoren hegoaldeko eremu guztira hedatuz.

Hiri-errepresentazio honetan Jauregiaren ezaugarri zabal eta lorategi bilakatuak, kontrapuntu egingo lieke Elizei, hierarkia irizpide desberdinen arkitektura irtenkor eta hagitz esanguratsu bezala, hiri zaharraren hiri-egituran. Guztia, Inperioaren eskema urbanistiko frantsesek lortu nahi zuten aginte inperialaren nagusitasunaren ezaugarri bezala.

Ezin dugu, ordea, 1812ko mapa frantses honen azterketa amaitu, burutu ez zen espoloiaren operazio urbanistiko bitxia ebaluatzeko tarte bat hartu gabe.

Benito Casasen ikuspegiak eta pinturak, uhaska eta are, Santa Klara atea errepresentatzen dizkiguten angeluan hain zuzen, hots, Brijidak izeneko zelaiaren aldamenean, komentuaren atarian (egun Katedrale berria), zuhaiztun areto edo pasealeku zoragarri eta zabal bat ageri da, ondoren pasealeku edo aretoa duen espoloi geometria eta deiturapean.

Aipaturiko hau, dagoeneko ageri zen urte batzuk beranduago, eta beste lursail eta geometrietan, gasteiztar pasealeku eta zelai sistema nagusia izango dena, hots, Armentiako ermitaraino doan Gasteiz hiriguneko bide ilustratua.

Jardinen eremu honek aspaldiko Santa Klara atea metro batzuk lekualdatu beharra suposatu du eta mapan esanahai arkitektoniko aberatsagoa bereganatu du, orain Porte de Castilla deituz. Analogikoki Nafarroako atearen atzeko eremua, San Frantsizko enparantza izenekoa izango da beste eremuetariko bat, Arkutxoak desnibelaren lekuan, Azokaren aintzinako barrutian ezartzeko operazio ilustratuaren ostean hain egoki burututakoa.

Honen parean, esanahi bereziko beste leku urbanoen deskribapen arkitektoniko zabala egin dezakegu, hots, Santo Domingoko enparantza eta izen bereko komentuko atea, bai eta aipatzen ari garen mapa honetan errepresentaturik ederki jasotzen diren beste hainbak dira hiri-barruti, komentu, azoka, plaza eta geografia hiritarreko txoko desberdinak aierupen estetikoen figurazio eta gaitasunari aipamen egiten diotenak.

Hau da, 1812an hiria kontserbatu zuten guzti haiek, militarki garai zailak izan arren, kualitateko arkitekturan, bereziki urbanoan, figuratiboki oso aberatsa zen garaian.

Aipatu dugun mapa frantseseko bi ilustrazioen irakurketa desberdinak planteatzeko, bere kondaira, edo indication dagoen dagoenean transkribatu dugu irakurleei eskurakorragoa gerta dakien.